
BIHOTZETIK sortutako hotsa. Erraz asko hori izan zitekeen behotsik hitzak izan zezakeen esangura. Baina alferrik arituko da irakurlea berba hori hiztegietan bilatzen, ez du-eta aurkituko. Athletic bihotzez abestiaren eta hotsterminoaren arteko baturak eman dio Bilboko Behotsik orkestrari izena. “Itzulpenik eduki ez, eta euskalduna dirudien izena jarri genion orkestrari”, argitu du Igor Gimenezek, jatorria Bilbon daukan orkestra horretako zuzendariak.
Bilboko Koral Elkartearen Kontserbatoriotik irtendako zazpi lagunek jarri zuten orkestra eraikitzeko lehen adreilua, gaur egun 46 kidek osatzen badute ere. “Gure erdi mailako musika ikasketak amaitu ondoren, bakoitzak bere bideari ekin zion, baina ez genion musika egiteari utzi nahi, eta aldi berean, guk nahi genuena egin gura genuen”, dio Gimenezek. 2011ko abuztuan sortu zen ideia, eta baita sozietatea ere; baina, 2012ko otsailean hasi zen martxan proiektua. Behotsikeko partaideek garrantzi handia eman izan diote beti lagun talde izaera mantentzeari, eta haien arteko giro on horrek markatzen du taldekide berriak onartzea edo ez. Orkestran sartzeko baldintza bakarrenetakoa musika-tresna baten erdi mailako ikasketetan hirugarren edo laugarren mailan aritzea, edo titulua lortua izatea da, eta horrekin batera orkestrak berak jartzen duen musika proba egitea. Baina Gimenezen hitzetan, “horrek besteko garrantzia dauka kide berriak taldean sortuko duen giroak. Demagun biolina jotzen duen gazte bat ezagutzen duzula zuk, jatorra dela eta badakizula ez duela taldeko giro ona izorratuko. Bada, gazte hori ongietorria izango da gure orkestrara. Hala ere, printzipioz, denek daukate gugana etortzeko aukera”.
Orain hiru urte orkestra sortu zuten taldekideen asmoa beti izan omen da ahalik eta talde handiena lortzea, “baina, horrelakoetan, giro ona zapuzten duen elementu bat sartzeak taldea bera ere zapuzten du. Horregatik, orkestrara batzen den pertsona aurretik taldekide den norbaiten kontaktuz etortzen da. Berari dagokion musika-tresna jotzen ona izatea ez da nahikoa”.
Musika klasikoa da, nagusiki, orkestra bilbotarrak egiten duena. Baina ez hori bakarrik. “Adibidez, iazko abenduan filmetako soinu-bandak ere interpretatu genituen kontzerturen baten. 2014ko udari begira, berriz, Errekaldeko dantza-taldearekin batera euskal musika egiteko asmoa daukagu. Eta, egunen batean, orkestrarako moldatutako pop-rock estiloko musika egin nahiko genuke”.
Orkestra sinfoniko osoa da Behotsik: soka-tresnak, haize-tresnak (tuba salbu) eta perkusioak. Baina, zuzendariaren arabera, bestelako musika-tresnak ere onartzen dituzte. “Pianorik, esaterako, ez daukagu. Hala ere, aurten piano bakarlari batekin jo dugu. Errekaldeko dantza taldearekin, adibidez, txalaparta izango da bakarlari lanetan arituko den musika-tresna”.
DISFRUTATZEA EZINBESTEKO
Musika jotzeaz gainera, jotzen den horrekin disfrutatzea derrigorra dela uste du Igor Gimenezek. “Disfrutatu ezean, egiten duzun musikak ez dauka zentzurik, denbora alferrik galtzea da; zuk disfrutatzen duzun hori entzuleari igorri egiten diozu, eta horrela ez bada, jendeak igarri egiten du”. Larunbat arratsaldetan entseatzen du Behotsik orkestrak, eta joan den irailaren 28an ekin zioten ikasturte berriari. Aurrerantzean ere badute zenbait hitzordu adostuta. Abenduan, Guggenheim museoan emanaldi bat eskainiko dute –“ziurrenera, errepertorio klasikoz osatutako kontzertu bat izango da”–; eta udaberrian, Musika-Música jaialdian parte hartzen saiatuko dira. Udan, berriz, birritan arituko dira Bilbon, Errekaldeko dantza taldearekin, eta emanaldi berarekin atzerrira irteteko asmoa ere erakutsi du Igor Gimenezek.
Dirurik ez dago sobera
Autofinantzaketan oinarritzen den orkestra da Behotsik. Musikari bakoitza bazkide bat da, eta hilabetean 10 euro ordaintzen ditu, partiturak, musika-tresnak zein bestelakoak erosteko. Aurten, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bat eskatu dute, baina erantzuna abuztuan jaso behar bazuten ere, itxaroten jarraitzen dute oraindik.
Leer el suplemento completo.