
Aurten ere, Behotsik orkestrak Bilboko Euskalduna Jauregian martxoaren 6, 7 eta 8an ospatuko den Musika – Música 2015 jaialdian parte hartuko du, edizio honetan, “Haendel & Bach, pasioz beterik” azpi-izenburuarekin, bi musikagile barroko hauen obrak gozatu ahalko direlarik.
Bilbao 700 fundazioak antolatutako Musika – Música jaialdiak dibulgatzeko bokazioa du eta musika klasikoa herritar-sektore guztiengana eramatea du helburu. Euskalduna Jauregiak hamaika kontzertu eta kalitate handiko artista zein talde hartzen ditu urtero musika klasikoko hiru egunetan zehar.
Bilboko jaialdia nazioarteko ekimen baten barruan dago eta horren abiapuntua Frantziako Nantes hiriko “La Follée Journée” izan da. Eredu arrakastatsu horri jarraituz beste hiri batzuk ditugu: Japoniako Tokio, Brasilgo Rio de Janeiro eta Poloniako Varsovia.
Gure orkestra, zehazki, martxoaren 6an, arratsaldeko 20:30etan Euskalduna Jauregiko Collegium Musicum De Leipzig Kioskoan arituko da. Kontzertua ikustera sartu ahal izateko, egun horretan eta ordu berean eskainiko den kontzertu profesional baterako sarrera bat erosi beharko da (6, 8 eta 10 €). Sarrerak, otsailaren 19tik aurrera erosi daitezke Kutxabank orotarako kutxazainetan, Bilbao 700-III Millenium Fundazioaren egoitzan eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan.
Gure kontzertuaren eta jaialdiaren inguruko informazio gehiago topa dezakezue Musika – Música 2015 webgunean.