Urte berria Strauss Galarekin - Behotsik

Urte berria Strauss Galarekin

Strauss Gala
2025/11/24
PARTEKATU

Hilabete baino ez da falta gabonetako ospakizunekin hasteko, eta urte berriari ongi etorria emateko plan ezin hobearekin gatozkizu. Izan ere, 2026ko urtarrilaren 2an Strauss Gala ikuskizunean parte hartuko dugu Bilboko Elkarte Filarmonikoan.

Strauss Gala Strauss familiaren musikaren bikaintasuna eta ondarea ospatzen dituen kontzertu ikusgarria da, XIX. mendeko Vienako dotoreziara bidaia eginez. Bals, polka eta martxen aukeraketa fin batekin, ikuskizun honek Vienako kontzertu ospetsuak gogora ekarriko ditu.

2025. urte honetan Johann Strauss I.aren (aita) jaotzaren 200. urteurrena ospatzen dugu, dinastiaren sortzailea eta musika klasikoaren historian eragina izaten jarraitzen duten 250 obra baino gehiagoren idazlea, beraz aukera ezinhobea da kontzertu honek aurkezten digun musikan murgiltzeko.

Strauss Gala honetan ez gara bakarrik egongo: aurkezle moduan Unai Izquierdo aktorea izango dugu, Teresa González Ardanazen Ballet Klasikoa eta Naroa Intxausti sopranoa ere izango dira oholtza gainean, eta guzti hau Mourad Assouil maisu bielorrusiarraren zuzendaritzapean.

Mourad Assouil orkestra-zuzendaria eta piano-jotzailea da, Musikologian doktorea, eta interpretazioan zein esparru akademikoan ibilbide luzea egin du. Ikasketak amaitu ondoren, Gomeleko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta hamar urtez Bielorrusiako zuzendari titular eta artistikorik gazteenaren ospea sendotu zuen. Zuzendari gonbidatu gisa aritu da Moskuko Orkestra Filarmonikoan, Ukrainako Orkestra Sinfoniko Nazionalean, Opera eta Balleteko Antzoki Nazionalean eta Bielorrusiako Orkestra Filarmonikoan.

Guzti hau 2026ko urtarrilaren 2an, arratsaldeko 19:30ean Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Sarrerak salgai daude, 16 eta 40 € arteko prezioan. Gogoratu orkestrako bazkidea bazara, deskontua izango duzula sarreren prezioan.