Dena 2011ko udan hasi zen, kontserbatorioko lagun eta kide talde batek orkestra bat sortzeko ideia izan zutenean, musikarekiko zuten grinaz gozatzen jarraitzeko eta, batez ere, giro atsegin eta lasai batean egiteko.
Paperezko ahozapi batean idatzi zuten izen-zerrenda erreferentziatzat hartuta, inguruko kideei lehenengo, eta interesatu ahal zitzaion jendeari ondoren, proiektua aurkeztu zieten. Guztiei gustatu zitzaien ideia, izan ere, lagun artean musika egitea, ulertu ahal izateko aurretik frogatu behar den zeozer baita.
Eta horrela, elkarrekin musika egiteko beste asmorik gabe, (eta garrantzitsuena, beraiek nahi zuten moduan) 20 pertsonako taldea osatu zuten. Hala ere, berehala ulertu zuten udako gau bateko amets moduan gera ez zedin, proiektua sendotu egin behar zutela.
Segundu bakarra ere galdu gabe, eta urte horretako irailean orkestra martxan jartzeko asmoarekin, musika-elkarte bat eratzeko estatutuak idazten, entsaiatzeko tokiak begiratzen eta orkestrarako musikari gehiago bilatzen hasi ziren.
Agian Behotsiken atrioa kutsatzea gertatzen den espazioa da, non musikaren botere sekretu eta xarmangarriak gelditu, jesarri eta entzuteko gai ez den gizartea zauritzen duen. Lan handia eta izugarrizko eta goraipatzeko ahalegina.
Joseba Lopezortega – KLASSIKBIDEA
Oraindik orkestrako kide guztiak eduki gabe ere, 2012ko otsailean beraien lehen deia jaso zuten. Dei honen egilea Sergiu Andrei zuzendari errumaniarra izan zen, Alemaniara joan eta Baden-Württemberg estatuko hiri desberdinetan EuroCamerata orkestrarekin zenbait kontzertu egiteko asmoarekin.
Orkestrarentzako lehenengo saio erabakigarria izango zena gerora 2017 urtera arte orkestrak etengabe errepikatuko zuen zita bihurtuko zen, Alemanian eta Parisen emango zituzten kontzertuekin, non, herrialde desberdinetako solistek lagunduta, Beethoven, Mozart, Strauss, Barber, Tchaikovsky eta beste musikari garrantzitsuenen obrak interpretatuko zituzten. Gainera, honek nazionalitate desberdineko musikarien arteko kultur trukea ahalbidetuko zuen, beraien kontzertuak Bizkaiko puntu desberdinetan ere (Bilbao, Larrabetzu, Lekeitio…) eskainiz, bokazio internazionaleko orkestra sinfoniko handia sortuz.
Lehen abentura musikal honen bultzadarekin, entsaiatzen hasi ziren 2012ko abenduaren 14an Nª Señora de Begoña – Indautxuko Jesuitak Ikastetxean soinu banden lehen kontzertu bat emateko. Zalego gazte batentzako programa erakargarri bat egiteko nahiarekin, programa errepikatu egiten dute Euskal Herriko Unibertsitatearen Paraninfoko Bizkaia Aretoan Osakidetzak antolatutako prestakuntza jardunaldien itxiera ekitaldian.
2013/2014 denboraldian Behotsik Orkestrak bere alde solidarioena erakutsi zuen Stop Sanfilipporen aldeko kontzertuekin, eta Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan emandako eta Concerts4Good elkarteak antolatutako kontzertuarekin, helburu sozialak dituzten elkarteak laguntzeko kontzertuak sustatu eta antolatzen dituen nazioarteko ekimena.
Baina denboraldi hau, harrotasunez betetzen gaituen arren, ez da hemen bukatzen.
Honekin batera erakundeekin gure lehenengo elkarlanak (Guggenheim Museoaren lagunentzako kontzertua emanez) eta kultura elkarteekin kontzertuen baterako antolaketa (Euskal Herria Bizi proiektuaren bitartez, Arraizpe Dantza Taldearekin euskal dantza sinfonikoen ikuskizuna) etorriko ziren.
Hala ere, denboraldi honetan lortutako mugarri batekin geratu beharko bagina, zalantzarik gabe orkestra moduan Musika – Música jaialdian gure sarrera izango litzateke, non Beethoven eta Brahmsen obrak jotzeko aukera izan genuen, Euskalduna Jauregian hain zuzen ere. Guretzako musika erronka garrantzitsua izan zen, jaialdiaren hurrengo edizioetan gaindituz joango ginena.
Muga oso goian jarrita, 2014/2015 denboraldia musikarien baja askorekin hasten zen eta aurretik erronka garrantzitsu bat izanda: rock sinfonikozko programa prestatzea Rock and rollaren abesti ezagunenak interpretatzeko, baxuan, gitarran eta baterian ezohiko musikariekin eta Barakaldoko Kontserbatorioko Perkusio Taldearen laguntzarekin.
Esan beharrik ez dago Behotsik Symphonic Rock Tour 2015 arrakasta borobila izan zela, aurrerantzean egingo genituen mota honetako proiektuen eragile ere bihurtuko zelarik, aldez aurretik gauzaezinak diruditen proiektuak, baina, lan eta gogoarekin, aurrera aterako direnak.
Lan eta gogo horiek 2015/2016 denboraldian A Disney Dream programa erdituko zutenak dira, publiko familiar bati zuzendutako ikuskizuna, non ikusleak antzerki, abesti, dantza eta musikaren bitartez Disney faktoriaren pelikulen soinu bandez osotutako ibilbide musikal baten zehar bidaiatuko zuten.
Proiektu honek jauzi kualitatibo handia suposatu zuen logistika aldetik: hari moduan funtzionatuko zuen antzerki gidoi baten idaztea, Tropic Dance dantza taldea eta ezohiko bi abeslarirekin elkarlana, apaingarri eta mozorroen elaborazioa, musika konponketak egitea… azken finean, anbizio handiko programa, baina eroan zen auditorio guztietan izugarrizko erantzuna izan zuena (Berrio Otxoa ikastetxean 700 pertsona baino gehiagorekin eta Barakaldo Antzokian eserleku guztiak salduta).
Baina, ikuskizun honen emanaldirik bereziena ohiko kontzertu areto edo antzokietatik oso urrun gertatu zen, bertan parte hartu genuen guztion oroitzapenetan eta inprobisazio eta erresilientzia gaitasunaren eredu moduan gure orkestraren historian betirako geldituko delarik.
Errioxako Haro herrira kontzertua ematera gindoazela, autobusean geundelarik, gure kontzertua eta hurrengo egunetarako antolatutako gainontzeko ekintzak bertan behera geldituko zirela informatu ziguten, herriko alkate ohi baten heriotza zela eta.
Berehala, musikari guztiak, antzezleak, dantza taldea eta abeslariekin autobusa bazterbidean geldirik zegoela, maletategia atrezzo eta mozorroekin beteta, ikuskizuna emateko leku baten bila hasi ginen, karparen bila dabilen zirku ibiltari baten eran. Azkenean Markinako kultur etxearen baietza jaso genuen, kontzertuarekin gogoa berotu zitzaien arren, egun horretan kontzertua emateko lekurik ez zutenak. Zalantza askorekin baina zirt edo zart eginda Markinarako bidea hartu genuen, non frontoia ere ez zegoen libre.
Kamerinoak garaje batean inprobisatuta, mota guztietako aulkiekin, eta kalezulo itxi bat eszenatoki moduan erabilita, inoiz bizi izan dugun kontzerturik berezienetariko bat eman genuen, orkestrak aitzindari moduan duen goiburuetako bat indartuz: aski da nahi izatea.
Hala eta guztiz ere, denboraldi horretako erronka guztiak ez zituen entzuleen berotasunak saritu. Izan ere, zenbait aste Dvoraken Bederatzigarren Sinfonia (Mundu Berriaren Sinfonia) prestatzen igaro ondoren, fatxadan proiektatuko ziren irudiek lagunduta Gau Zurian antolatutako ekintzen artean Bilboko Udaletxearen aurrean jotzeko, ezin izan genuen eszenatokira irten Bilboko eguraldi traidorea zela eta (nahiz eta sarritan saiatu ginen). Hala ere, Behotsik Orkestraren lan egiteko gaitasunak eta gogoak ez ziren oharkabeko izan, eta etorkizuneko elkarlanari bide eman zion ekimenean parte hartu zuten profesional eta instituzioekin.
2016/2017 denboraldia Behotsiken 5. urteurrenaren ospakizunek markatu zuten.
Zuzendari gonbidatuak, Abandoko Indalecio Prieto geltokian flashmob baten gauzatzea eta promotore musikal moduan egin dugun lehen lanak mugarria jarri zuen orkestraren historian. Gainera, esku artean genuena Mozarten Txirula Majikoa bera zen, Ópera Divertimento konpainiak haur-publiko batentzat moldatua, zeinek Madrilera eroan gintuen gure idiosinkrasia eta antolaketa antzeko duen Joven Orquesta de Colegios Mayores de Madrid (JOECOM) orkestrarekin batera interpretatzeko. Guzti hau posible izan zen aurreko denboraldian jadanik Bilboko Itsas Museoan eman genuen kontzertuan kolaboratzen hasi ginen Fair Saturday mugimenduaren sortzaileari esker, izan ere bera izan zen harremanetan jarri gintuena.
Fair Saturdayren eskutik hain zuzen ere, eta JOECOM orkestrarekin berriro ere, orkestrak emandako kontzerturik handiena eman genuen Bilboko Azkuna Zentroan 2017/2018 denboraldian, 75 musikari baino gehiago eszenatokian ginela (Caledonian Road rock taldea barne) eta 1200 pertsona baino gehiago ikusle bezala zeudelarik.
Momentu bereziak ere egon ziren, hala nola, gure kide eta biolinista den Borja Mollák idatzitako Eguberriko Kantata obraren estreinu mundiala abenduaren 28 ironiko batean Barakaldo Antzokian, TEDxUDeusto bezelako hitzaldietan komunitate akademikoan zabaltzeko momentuak Euskalduna Jauregian eman genuen kontzertuan, Pozalaguako auditorio naturalean eman genuen kontzertuarekin harro sentitu eta paparra ateratzeko momentuak, eta Aneguria raperaren Frambuesas y Palomitas diskoan egin genuen kolaborazioa, Kafe Antzokian eta Bilbao BBK Live jaialdian beran kontzertuak emanez, jaialdian parte hartzen zuen lehenengo orkestra sinfonikoa bilakatuz.
Ez gara okertuko orkestraren musikari sortzaileek inoiz ez zutela orkestrak 6 urte eskas hauetan izan duen ibilbidea imajinatu esaten badugu. Baina ez gara erratzen ere hau hasi baino ez dela egin pentsatzen dugunean, eta muga bakarra Behotsik familia osatzen duen pertsona bakoitzaren irudimenak eta lan onak jartzen duena dela.
Duda barik Behotsik amaitu gabeko sinfonia da, idatzeke dituen konpas askorekin, eta oraindik ez da bere amaierako akorde handia antzematen.