Gabonak heltzear dira, eta behar bezala ospatuko dugu asteburu honetan Barakaldon eta Bilbon antzeztuko den Gabon Kontua – Cuento de Navidad ikuskizunean parte hartuz.
Gabon Kontua – Cuento de Navidad ipuin kontatua, abestua eta dantzatua da, elebiduna eta adin tarte guztientzat aproposa. Ipuin horretan Gabonen jatorria eta gure gaur eguneko ospakizunekin duen lotura kontatzen da. Gabon Kontua – Cuento de Navidad Kultur Elkarteak antolatutako ikuskizun hau 2012an estreinatu zen Barakaldo Antzokian, Barakaldoko Schola Cantorum-en eskutik, eta arrakasta handia izan du edizioz edizio.
Artistek eta ikusleek elkarrekin bidaiatzen dute duela bi mila urte baino gehiagoko Belengo korta batetik gaurko Euskal Herriko herri bateko plaza batera, Gabon-gaueko arratsaldean, MariJuri eta JuriMari galtzagorriek gidatuta. Galtzagorri bihurri horiek, gainera, Gizotsi aurre egin beharko diote, Gizots Gabonak desagerrarazi nahian baitabil.
Gabon Kontua – Cuento de Navidad antzezlanean dena da eta ez da: pertsonaiak benetakoak eta alegiazkoak dira, giroa gaur egungoa eta iraganekoa, historia eta irudimena da, tradizioa eta berrikuntza.
Lanaren gidoia, izenburua eta azpitituluak beren itzulpenak dira; baina, aldi berean, ez dira. Euskara eta gaztelania elkarri lotuta daude; beraz, kontakizuna bi hizkuntzetan uler daiteke. Halaber, hizkuntza biak dakizkienak ez du sumatuko testua errepikatzen denik.
Antzerki-lan honetan adin guztietako 160 pertsonek hartzen dute parte, gehienak profesionalak izan gabe, diziplina artistiko ezberdinetakoak: musikariak, abesbatzak, aktoreak, magia, balleta, euskal dantzak, umorea etab. Ikusleen inplikazioa eta diziplinen eta belaunaldien arteko lankidetza dira Gabon Kontua – Cuento de Navidad lanaren arrazoia eta emaitza.