
Datorren maiatzaren 24an Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan izango gara, Zornotzako Itunaren 150. urteurrena ospatzeko herrian antolatu duten egitarau zabalaren barruan.
150 urte igaro dira Bigarren Gerra Karlistari amaiera emateko asmoz Zornotzako Ituna sinatu zenetik. Azkenean, liberalek eta karlistek itun hau onartu ez zuten arren, gerrak jarraitu zuelarik, negoziazio saiakera hau gertaera historiko garrantzitsua izan zen azken Karlistaldi honetan.
Hori dela eta, udalerriak ez du alde batera utzi nahi efemeride esanguratsu hau, eta denboran atzera egin nahi du kultura-jardueren programa zabal baten bidez, maiatzaren 1etik 24ra luzatuko dena.
Kontzertu honetan ez gara bakarrik egongo. Alde batetik, Aritz Labrador izango dugu zuzendari lanetan. Bestalde, Elisene Alzola biolinista izango dugu, prestatzen ari garen errepertorioko pieza batean bakarlari gisa arituko dena.
Kontzertua maiatzaren 24an, asteartea, arratsaldeko 20: 00etan izango da Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan. Sarrerak jada salgai daude Zornotza Aretoaren webgunean, 3 €-ko prezioan.