
Pasa den otsailaren 10ean Bilbao 700 Fundazioak Musika – Música 2017 jaialdiko programa ofiziala aurkeztu zuen, eta Behotsik Orkestrak aurten ere parte hartuko du Bilbo asteburu batez musikaren hiriburu bilakatzen duen jaialdi honetan.
Musika – Música jaialdiaren hamaseigarren edizio hau martxoaren 2an, 3an, 4an eta 5ean ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta BOHEMIA izenburupean, Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček musikagileak izango ditu protagonista, Txekiar Errepublikako erregio horretakoak guztiak.
Behotsik Orkestrak bi aldiz parte hartuko du aurtengo edizioan.
Alde batetik, kontzertua emango du martxoaren 3an, gaueko 21:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko kioskoan, Mikel Fernandezen zuzendaritzapean. Kontzertura sartu ahal izateko, erosita izan behar da egun horretako ordainpeko edozein kontzerturako sarrera.
Beste alde batetik, Arima Kamerata, eta Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleekin batera, ‘Tik-Tak Denbora‘ familia-ikuskizuna eskainiko dute, non publikoa ezinbestekoa izango den tempo musikala bilatzeko. Kontzertua martxoaren 5ean, igandea, izango da, goizeko 11:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiko BARRIA aretoan. Kontzertu honetarako sarrera 4€-koa izango da.
Sarrerak Bilbao 700-III Millenium Fundazioaren egoitzan, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan edo Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahalko dira.
Bilbao 700 Fundazioak sortutako Musika – Música jaialdirako mikrositean kontsulta dezakezue jaialdirako prestatu den gainerako programa interesgarria.
SARREREN ZOZKETA BEHOTSIK ORKESTRAKO BAZKIDEEN ARTEAN
Pasa den urtean bezela, Musika – Música jaialdia dela eta, sarreren zozketa egingo dugu Behotsik Orkestrako bazkideen artean. Inaugurazio-kontzerturako (martxoak 2, 20:00) sarrera bikoitza, 15. kontzerturako (martxoak 4, 12:15) sarrera bikoitza eta beste sorpresa bat zozketatuko dira. Irabazleen izenak otsailaren 24an emango ditugu.