Aneguriarekin dantzan amaitu genuen Kafe Antzokian - Behotsik

Aneguriarekin dantzan amaitu genuen Kafe Antzokian

2018/06/12
PARTEKATU

Pasa den ekainaren 3ko igandean, nahiz eta arratsaldea gris eta euritsu hasi zen, bero bero amaitu genuen guztiok Aneguriarekin jo ta su dantza egiten, bere Frambuesas y Palomitas diska berriaren aurkezpenean parte hartu ondoren.

Esan bezala, arratsaldea euritsu hasi zen arren, Kafe Antzokian bildutako 200 pertsona inguruko ikusleak denak emanda egon ziren arratsalde osoan zehar. Bost multzotan banatuta egon zen ikuskizuna, Aneguriak jorratzen dituen musika mota desberdinak ekarri zituen, laster argitaratuko den eta guk parte hartu dugun Frambuesas y Palomitas diska berriarekin hasita.

Guretzat kontzertu desberdina izan zen hau, musika motagatik, tokiagatik, base bat edukitzeagatik, baita zutunik jotzegatik ere. Hala ere, gogoz hartu genuen erronka eta primeran pasatu genuen. Are gehiago, oso labur egin zitzaigun eszenatoki gainean egon ginen 20 minutu eskas horiek.

This slideshow requires JavaScript.

Horren ondoren, ez ginen etxera joango. Horregatik, eta Aneguriaren energiaz beteriko musika dantzagarriak lagunduta, ikusleen artean sartu eta gainerako kontzertua ikusi genuen, abesten, dantzan eta lagun artean aste bukaera bikaina edukiz.

Hemen dituzue bideo eta argazki hauek bertan bizitakoa ikus dezazuen, eta gogoratu laster errepikatuko dugula. Uztailaren 14an Bilbao BBK Live jaialdian egongo gara Aneguriarekin, beraz, etor zaitezte arratsalde ona pasa nahi baduzue.