
Musika – Música 2019 jaialdian eman genuen kontzertu ederraren ondoren, ilusio berezia egiten digun berri bat daukagu zuei kontatzeko. Oraingo honetan, Galdakaoko Los Tonos Humanos ganbera abesbatzarekin batera, musikaren historiako obra garrantzitsuenetako bat interpretatzeko ohorea izango dugu, W. A. Mozarten Requiem ederra hain zuzen ere.
Eta ez da erronka makala izango. Izan ere, Mozarten azken obraz ari gara, nahiz eta ez zuen berak bukatu, 1791ko abenduaren 5ean Vienan hil baitzen. Mozart, heriotzaren ideia burutik kendu ezinik, gaixotasunak ahulduta, framazoneriarekin zuen loturagatik naturaz gaindikoarekin sentikorra izanik, eta ordezkariaren itxurarekin harrituta, hau heriotzaren mezularia zela eta idatziko zuen requiema bere hiletarako izango zela sinesten bukatu zuen.
Gurekin batera, aurretik lagun izan dugun Los Tonos Humanos ganbera abesbatza izango dugu. 1985ean sortua, abesbatza honek bere jarduera musikala XVI eta XVIII mendeen artean oinarritzen da. Errepertorio zabala dute, Errenazimenduko polifonista handietatik hasita, Buxtehude, Bach, Telemann edo Purcell bezalako musikari barrokoen lanetara heldu arte.
Zuzendari lanetan, Joseba Berrocal izango dugu. Bilboko Goi Mailako Kontserbatorioan ikasi ondoren, Musikologia eta oboe barroko ikasketak burutu zituen. Orkestra, aldizkari eta disketxe desberdinekin kolaboratzen du konferentziak ematen eta testu eta programa-oharren argitalpenetan (BOS, Orquesta Nacional de España, Fundación March). Bitartean, instrumentista eta zuzendari moduan jarduten du antzinako musika talde desberdinekin.

Lan guzti honen emaitza maiatzean ikusteko aukera izango duzue emango ditugun bi kontzertuetan. Alde batetik, maiatzaren 12an Basaurin izango gaituzue, eta maitzaren 18an Basauriko San Migelen. Daten inguruko informazio gehiago izateko, adi ibili gure sare sozialetan tokien eta ordutegien berri izateko. Ez ezazue obra ikusgarri hau entzuteko aukera galdu, pena merezi du eta.