
Aurten ere badator Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Musika – Música 2020 jaialdia, datorren martxoaren 5etik 8ra arte Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko dena.
Oraingoan, “Destino París” izenburupean, jaialdiak Pariseko hiria izango du ardatz. Lau momentu historikok bilakatu zuten Paris lehen mailako kultura-zentro eta nazioarteko topagune, Parisek eskaintzen zizkien aukera eta askatasunek erakarrita, Europa guztiko artistak iritsi zirelarik.
Batetik, XVIII. mendea, bere gortesau-musika, balet eta pas de basques delakoarekin. Hor aurkituko ditugu François Couperin (1668-1733) eta Jean Philippe Rameu (1683-1764). Bestetik, XIX. mendea, zeinetan Paris izan baitzen artista eta musikari europarren jomuga eta topalekua (eszenikoa eta instrumentala). Horren erakusgarri ditugu Rossini (1792-1868), Meyerbeer (1791-1864), Donizetti (1797–1898) eta Bellini (1801-1835). Verdik (1813-1901) berak ere arrasto sakona utzi zuen bere Pariseko egonaldian.
Frantziak Prusiaren aurkako gerran izandako porrotak (1871) markatuko du XIX. mendetik XX. menderako trantsizioa, eta, paradoxikoki, garai horretan botako dituzte errepublikanismoak eta demokraziak beren erroak Frantzian behin eta betiko. Frantziako musikak eginahalak egin zituen Alemaniako musika miretsiaren (eta bekaiztuaren) mailara iristeko. Baina ahalegin horretan oztopo bihurtu zen Wagnerrek sortzen zuen lilura XIX. mende amaierako konpositore frantsesengan. Erronka horri erantzuten lehenak Camille Saint-Saëns eta Gabriel Fauré izan ziren. Azkenik, XIX eta XX. mendeak, Arriaga (1906-1826), Usandizaga (1887-195 ), Aita Donostia (1886-1956) eta Guridiren (1886-1961) ikuspegitik.
Behotsik Orkestrak martxoaren 7an kontzertua emango du Bilboko Euskalduna Jauregiko Kioskoan, 21:00etan. Oraingo honetan, Bizet, Fauré, Saint-Saëns eta Guridiren doinuak prestatu ditugu kontzertu honetarako.
Aurreko urteetan bezela, kontzertu berezi honetarako zuzendari gonbidatua izango dugu. Kasu honetan, Leonardo Moyano izango dugu zuzendari Musika – Música 2020 jaialdiko kontzertu honetan.
Gogoratu kontzertura sartzeko beharrezkoa izango dela egun horretako eta ordu-tarte bereko ordainpeko kontzertu baterako sarrera erostea. Sarrerak salgai dituzue Bilboko Ensanche Eraikinean, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan. Kontsulta ezazu informazio guztia Musika – Música 2020 jaialdiaren webgunean.