Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzen - Behotsik

Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzen

Etorkizuna: Aniztasuna
2023/05/12
PARTEKATU

Datorren maiatzaren 21ean, igandea, Norai elkartearekin batera antolatutako Etorkizuna: Aniztasuna ekimen musiko-sozialean parte hartuko dugu, Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko, non lagun zahar askoz inguraturik egongo garen.

Ekitaldia Norai elkarte hezitzaile, ekintzaile eta humanizatzaileak antolatu du, zeinek, besteak beste, Etorkizuna Musikatan proiektu sozio-hezitzailea eta orkestrala jarri duen abian, musikak kolektibo pluralak batzeko eta balio pertsonalak, komunitarioak eta kulturartekoak garatuz gizartea hezteko duen gaitasuna erakutsiz. Jadanik izan genuen Bilboko Ibaiondo barrutiko kultura desberdinetako ume eta nerabeek osotzen duten Etorkizuna Musikatan haur-orkestrarekin lan egiteko aukera, 2021eko udazkenean Musika balkoietatik ekimenean parte hartu genuenean.

Ekitaldia Bilboko Bilbao Arenako zelaigunean ospatuko da, Bilbo osoko auzo multikulturalenetakoak diren San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoen ondoan. Etorkizuna: Aniztasuna lelopean, ekitaldi musiko-sozial honek kulturen arteko elkarrizketaren, aniztasunaren eta inklusioaren garrantzia nabarmendu nahi du. Etorkizunik gizatiarrena anitza eta kulturartekoa izango da, edo ez da izango.

Konpainia on eta anitzean

Aurretik aipatu dugun Etorkizuna Musikatan haur-orkestraz gain, hainbestetan lagun izan dugun Sanfran Korue abesbatza, Txiki-Musika haur-abesbatza, Euri Artean konpainia eta Balakulanya perkusio taldea egongo dira gurekin.

Hau guztia Etorkizuna: Aniztasuna ekitaldian, datorren maiatzaren 21ean, igandea, eguerdiko 12:00etatik aurrera Bilboko Bilbao Arenako zelaigunean, A atearen parean. Zuen zain gaude!

ERLAZIONATUTAKO GAIAK