
Aurten ere, Behotsik orkestrak Bilboko Euskalduna Jauregian martxoaren 4, 5 eta 6an ospatuko den Musika – Música 2016 jaialdian parte hartuko du, edizio honetan, “Erromantikoentzako zubia” azpi-izenburuarekin, F. Schubert, F. Mendelssohn, R. Wagner eta R. Straussen obrak gozatu ahalko direlarik.
Bilbao 700 fundazioak antolatutako Musika – Música jaialdiak dibulgatzeko bokazioa du eta musika klasikoa herritar-sektore guztiengana eramatea du helburu. Euskalduna Jauregiak hamaika kontzertu eta kalitate handiko artista zein talde hartzen ditu urtero musika klasikoko hiru egunetan zehar.
Aurtengo Musika-Música edizioak berritasunak dakartza. Musika-Música Bilboko barruti guztietara helduko da Auzoz Auzoren bidez. Programa berri honek Jaialdia Bilboko txoko guztietara iristeko aukera emango du. Otsailaren 20tik aurrera lau maisu erromantiko hauen lehen akordeek oihartzuna egingo dute hiriburu bizkaitarren kale eta plazetan zehar.
Gure orkestrak, beraz, bi kontzertu emango ditu aurtengo Musika – Música 2016 jaialdiaren edizio honetan:
Lehena, Musika – Música 2016 Auzoz Auzo ekimenaren barruan, otsailaren 27an, goizeko 12:30tan, Bilboko Basurtuko Ospitalean izango da, sarrera doakoa izango delarik.
Bigarrena, Musika – Música jaialdian bertan, martxoaren 5ean, arratsaldeko 20:30etan Euskalduna Jauregiko Cósima Kioskoan. Kontzertua ikustera sartu ahal izateko, erosita izan behar da egun horretako ordainpeko edozein kontzertutarako sarrera. Sarrerak, otsailaren 18tik aurrera erosi daitezke Kutxabank orotarako kutxazainetan, Bilbao 700-III Millenium Fundazioaren egoitzan eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan.
Gure kontzertuaren eta jaialdiaren inguruko informazio gehiago topa dezakezue Musika – Música 2016 webgunean.