Bukatu egin da Musika – Música jaialdiaren aurtengo edizioa, eta zalantzarik gabe esan dezakegu arrakasta handia izan dela eta jaialdiaz gozatu dugula.
Aurtengo jaialdian 850 musikari profesionalek, kontserbatorio eta musika eskoletako 880 ikaslek eta kolaboratzaile espezifiko bezala jardun diren 40 adituk parte hartu dute. Horiei guztiei esker, 75 kontzertu eskaini dira aretoetan eta 24 Kioskoan. Gainera, 2.500 ikaslek parte hartu dute martxoaren 1, 2 eta 3an Euskalduna Jauregian egin den ikuskizun didaktikoan. Azken kontaketa egin gabe, 30.000tik gora lagun joan dira, eta sarrerak agortu egin dira kontzertu askotan.
Gure kasuan, Behotsik Orkestrak bi kontzertu eman ditu: lehenengoa jaialdiko bigarren egunean, Euskalduna Jauregiko kioskoan, entzule mordoa batu zuena. Gure galerian ikus ditzakezue kontzertuko argazkiak.

Bigarrena, jaialdiko azken egunean, Tik-Tak Denbora familientzako kontzertua izan zen, Arima Kamerata eta Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla antzezleekin batera. Umeei zuzendutako kontzertua izan zen, non musikaren erritmoa bilatzeko bidaia egin zuten Bohemiako musika ezagutuz, sarrerak agortu zituena.
Eta datorren urteko Musika – Músican…
Musika – Música 2018ko jaialdiak gerra arteko sasoia izango du ardatz. Gerra arteko sasoia une historiko bat izan zen eta, nola ez, musika klasikoak ere jasan zuen aro berri haren gorabehera sozioekonomiko eta kulturalen eragina. Espero dugu datorren urteko edizioan ere elkar ikustea.