
Behotsik orkestra pozik dago aurreko bi urteetan bezala Fair Saturday 2017 ekimenean parte hartuko duela iragartzeko. 2017ko azaroaren 25ean ospatuko den mugimendu global honetan gure harri koxkorra jarriko dugu Bilboko Azkuna Zentroan VASS Sanfilippo Euskadiren aldeko Symphonic Rock Fair Saturday kontzertua eskeiniz.
Fair Saturday artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.
Aurreko urteetan Gure Señeak eta AFA Bizkaiarekin lan egin ondoren, aurten VASS Sanfilippo Euskadi elkartearen ondoan egongo gara. VASS Sanfilippo Euskadi irabazi asmorik gabeko elkartea da, Euskadiko Sanfilippo sindromea duten umeen senide eta lagunek osatua. Bere helburua sindromea duten umeak eta familiak beraien bizi kalitatea hobetzen laguntzea da. Sanfilippok, zoritxarrez, historia luzea dauka Euskadin, eta egun 8 kasu daude herrialdean, bat Gipuzkoan eta 7 Bizkaian.
Orkestra sinfonikoa eta rock taldea
Fair Saturday egun berezia izanik, kontzertu berezia izatea nahi dugu. Kontzertuaren toki ederraz gain, zeinetan urte askotan jotzen saiatu garen, lankide paregabeak izango ditugu egun hartan.
Alde batetik, aurretik lagun izan ditugun Madrilgo JOECOM orkestrarekin bilduko gara. Pasa den denboraldian prestatu genuen ‘La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera’ ikuskizunarekin Madrilera mugitu ginenez, oraingo honetan beraiek Bilbora etorriko dira 80 lagun inguruko orkestra osatzeko.
Beste alde batetik, Caledonian Road rock talde bilbotarra izango dugu musikari kutsu bihurria jartzeko. Gainera, taldeko abeslaria Aitor Fernández da, gurekin A Disney Dream proiektuan parte hartu zuelarik.
Beraz, 2015ean egin genuen Behotsik Symphonic Rock Tour proiektuaren antzeko kontzertuaz gozatu nahi baduzue, hurbildu zaitezte datorren azaroaren 25eko arratsaldeko 8etan Bilboko Azkuna Zentrora, Fair Saturday eguna ospatzera eta VASS Sanfilippo Euskadiren alde egitera.