
Denboraldi amaiera potentea izango genuela aurreratu genizuen, eta horregatik, berriekin jarraitzen dugu. Oraingo honetan ilusio berezia egiten digun berri batekin gatoz: Behotsik orkestrak Aneguria rap abeslariarekin lan egingo dugu prestatzen ari den Frambuesas y Palomitas diska berrian eta honen aurkezpen kontzertuetan.
Aneguria aka La Kieta, Durango eta Bilbo bitartean hezitako abeslari hau rap eta raggamuffin bitartean dabilen “MC” da. Euskarazko bat-bateko rap eta bertso solasetan ibiltzea gustuko duen artista hau Eskina Femenina proiektuaren sortzaileetako bat da. 2017an atera zuen bere bakarkako lehen lana “Horchata de Chufa” izenarekin. Hainbat kolaborazio egin ditu eta Euskal Herriaz gain, atzerriko hainbat herrialdetan abestu du.
Oraingo honetan, bere Frambuesas y Palomitas diska berria prestatzen ari zelarik, berarekin parte hartzera gonbidatu zigun, eta nahiz eta mundu hau guretzat guztiz berria den, gogoz beterik, baiezkoa eman genion.
Aste hauetan diskoko abesti batean egingo dugun parte hartzea grabatzen gabiltza Bilboko Euridia estudioetan Ibon Larruzearekin, izugarrizko esperientzia duen eta lagun dugun Nerea Alberdik egindako moldaketekin. Esperientzia polita izaten ari da, eta laster izango duzue emaitza entzuteko.
Diska berriaren aurkezpena Kafe Antzokian eta Bilbao BBK Live jaialdian
Frambuesas y Palomitas diskaren grabaketan parte hartzeaz gain, diska zuzenean aurkezteko aukera eman digu Aneguriak, Bilboko Kafe Antzokia eta Bilbao BBK Live jaialdian bezalako lekuetan gainera.
Horretarako, Nerea Alberdiren moldaketak izango ditugu eta bera izango da zuzendaria bi kontzertu hauetan. Sekulako plazerra hainbat filma eta proiektutako soinu bandaren konposagile eta moldatzaile izan den musikari batengandik ikasi ahal izatea.
Kontzertuak ekainaren 3an Kafe Antzokian eta uztailaren 14an Bilbao BBK Live jaialdian izango dira. Beraz, apunta itzazu kontzertuen datak eta adi egon zaitez berri gehiagorako.