
Esan genizuen denboraldi amaiera ez zela makala izango, eta hori ikus dezazuen, berri polit batekin gatoz. Asteburu honetan, Asturiasera bidaiatu eta Llanesen kontzertua emango dugu gure itsasaldi musikal honetan.
Orkestrak dituen ia zortzi urte hauetan, behin baino ez gara Euskal Herritik kanpora irten. Hori 2017an gertatu zen, La Flauta Mágica. Tu Primera Ópera ikuskizunarekin eta JOECOM orkestrako gure lagunekin batera Madridera joan ginenean. Denboraldi potente honen ondoren, eta egin dugun lan gogorra ospatzeko, antzeko zerbait egin nahi genuen kurtsoa amaitzeko, eta hainbat aukera aztertu ondoren, azkenean, Asturiasera joatea erabaki genuen, Llanesera hain zuzen ere.
Llanes Asturiaseko ipar-ekialdean dagoen udalerria edo conceyua da, Kantabriatik gertu. Herriak duen ondare artistikoaren artean, Llaneseko Kasinoa nabarmentzen da, eta bertan emango dugu kontzertua larunbatean bertan, uztailak 6, arratsaldeko 7etan. Kontzertua itsalsaldi musikala izango da, Asturias eta Euskal Herria lotzen dituen itsasoan zehar, eta Arriaga edo Mozart bezalako konpositoreen obrak interpretatuko ditugu.
Baina oraingo honetan, ez da dena lana izango. Larunbatean emango dugun kontzertua prestatzeko lan egiteaz gain, aisialdirako ere denbora izango dugu, orkestra honetan hain garrantzitsua den familia edo lagun izaera hori sendotzeko. Horregatik, bertako inguru ederrak ezagutzeaz gain, zenbait ekintza egingo ditugu, baita surfa praktikatu ere. Ziur une atseginak igaroko ditugula.
Beraz, nahiz eta etxetik urrun egongo garen, animatzen bazarete, gonbidatuak zaudete larunbateko kontzertura, itsasaldi musikal honetaz gozatzera.