
Gure 10. urteurrenaren ospakizunekin jarraituz, emango dugun hurrengo kontzertua aurkeztu nahi dizuegu. Oraingo honetan, ez da orkestra osoaren kontzertua izango, Borja, Unai, Karmele eta Aitziber gure kideek osatzen duten laukotearen kontzertua baizik. Formatu horretan Bilboko Udalak antolatutako Betiko Musika de Siempre programan parte hartuko dugu datorren martxoaren 26an.
Bilboko Udalak, urtarrilaren 29an, otsailaren 12an eta 26an, martxoaren 12an eta 26an eta apirilaren 9an (larunbatak), Betiko Musika de siempre musika-programaren beste edizio bat abian jarri du Otxarkoaga auzoan. Kontzertuak urte askotan gure entsegu lekua izan den Otxarkoagako Udaltegian izango dira eta bertan boleroak, Ebroko Erriberako abesti herrikoiak, habanerak edo otxoteak entzun ahal izango dira, honako talde hauen eskutik: Bolero’s 4; Voces del Ebro; Los chimberos; Trio Veracruz; Ea Laukotea – Behotsik Orkestrako Hari Laukotea; eta Otxote Bilbao Argia.
Behotsik orkestraren izenean, Ea Laukotea izango dugu Betiko Musika de siempre ekimen honetan. Borja Mollá (bibolina), Unai Ibáñez (bibolina), Karmele Elizaran (biola) eta Aitziber Elizaranek (txeloa) osatutako laukote honek formatu txikiko kontzertu bat eskainiko du, estilo desberdineko errepertorioarekin eta publiko guztiarentzat eskuragarria.
Ziur gaude ordezkari aproposak bialdu ditugula, beraz, ez ezazu galdu Behotsik orkestrako Ea Laukotaren kontzertu hau datorren martxoaren 26an, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Otxarkoagako Udaltegian. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.