
Denbora daramagu hau dena prestatzen. Eta horretan darraigu. Denbora daramagu hau isilik mantendu ezinik. Baina heldu da eguna dena kontatzeko. Datorren uztailaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregira goaz gure 10 urteak ospatzera. Heldu da Behotsik: 10 urte, hamaika lagun.
Jakin dakizuenez, 2021eko abuztuan 10 urte bete genituen, eta 2021-2022 denboraldiak urteurren honen ospakizun gisa balio izan digu. Denboraldi berezi honen amaiera izango da Behotsik: 10 urte, hamaika lagun kontzertu hau. Gainera, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean izateak are bereziagoa egingo du kontzertua, izan ere, gure 10 urteko historian Bilboko oholtza enblematiko honetara igotzen garen lehen aldia izango baita.
Gala-kontzertu formatua izango duen ekitaldi honen haria orkestraren ibilbideari errepasoa egitea da, euskal musikaren historian zehar bidaia bat eginez: Guridi, Arriaga edo Ravelen jatorri klasikoetatik hasi Aneguria edo Gatibu bezalako egungo artisten musikara heldu arte, Oskorri edo Itoiz bezalako talde historikoetatik igaroz.
10 urte, hamaika lagun
Badago ilusio gehiago egiten digun zeozer: kontzertu honetan ez gara bakarrik egongo. Egun honetan orkestratik igaro den hamaika lagunekin agertokian berriro elkartzeko aukera izango dugu, baita 10 urte baino gehiagoko ibilbidean lan egin dugun taldeekin eta zenbait artista gonbidaturekin biltzeko ere. Datozen asteetan zehar gure sare sozialetan haien berri ematen joango gara, beraz, adi ibili.
Sarrerak bihar (maiatzak 12) jarriko dira salgai, goizeko 12:00etan, Euskalduna Jauregiko webgunean, 8 eta 12 €-ko prezioan. Gure bazkideek %100-eko deskontua izango dute beraien sarreran. Horretarako, Euskalduna Jauregiko txarteldegietan erosi beharko dute sarrera, beraien datuak eman behar dituztelarik. 12 urte beherakoek ere %20-ko deskontua izango dute.
10 urte hauek zuetako bakoitzarekin ospatu nahi ditugu, beraz, elkar ikusiko dugu datorren uztailaren 2an arratsaldeko 19:30ean Euskalduna Jauregian. Zatoz eta elkarrekin ospatu dezagun batzen gaituena, musika hain zuzen ere.