
Behotsik orkestrak orkestra anfitrioi gisa parte hartuko du London Conducting Workshop nazioarteko orkestra-zuzendaritza ikastaro ospetsuan, 2023ko apirilaren 10etik 15era bitartean Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioan ospatuko dena.
London Conducting Workshop orkestra-zuzendaritza ikastaro nagusietako bat da Europan. 2005. urteaz geroztik orkestra-zuzendaritza ikastaroak eman ditu, Londres, Paris, Venezia eta Dublinen.
Ikastaroetako partaideak munduko hainbat lekutatik etorritako zuzendariak dira, bere garapenaren etapa desberdinetan daudenak, bere ikasketen hasieran daudenetatik hasi eta ibilbide profesionala hasten dutenetaraino. Lehenengo ediziotik 345 pertsonak parte hartu dute ikastaroetan, parte-hartzaile aktibo zein entzule gisa.
Oraingo honetan, Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioaren 40. urteurrena dela eta, London Conducting Workshop ikastaroaren edizio berria Barakaldon ospatuko da, John Farrer zuzendari estatubatuarraren eta Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioko zuzendaria den Fuensanta Figueroaren eskutik.
Maila handiko erronka
Guretzat London Conducting Workshop ikastaroan orkestra anfitrioi gisa parte hartzea erronka garrantzitsua da hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, ikastaroan parte hartzen duten nazioarteko zuzendaritza ikasleekin edo John Farrer eta Fuensanta Figueroaren mailako zuzendariekin lan egitea larunbatero gure entseguetan izaten ez dugun aukera da.
Bestalde, Elgarren Hariarentzako Serenata mi minorrean, Mendelssohnen Hebriden Obertura, Beethovenen 1. Sinfonia Do Maiorrean edota Ravelen Nire Ama, Antzara Suitea bezalako obrak dituen programa bati aurre egitea, munta handiko erronka musikala da, baina biziki hunkitzen gaituena.
Ikastaroa Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioan izango da, datorren apirilaren 11tik (asteartea) apirilaren 14ra (ostirala) bitartean. Hau amaitu ondoren, larunbatean, apirilak 15, arratsaldeko 18:30etan, ikastaroko ikasleek zuzendutako kontzertua ospatuko da Barakaldo Antzokian. Ordutegiari eta sarrerei buruzko berririk izan bezain laster, gure webgune eta sare sozialen bidez jakin ahalko duzue.