Fair Saturday 2023 Ekidazu Abesbatzarekin - Behotsik

Fair Saturday 2023 Ekidazu Abesbatzarekin

Fair Saturday 2023
2023/11/9
PARTEKATU

Aurreko urteetan bezela, aurten ere datorren azaroaren 25ean ospatuko den Fair Saturday 2023 ekimenean parte hartuko dugu. Oraingo honetan, Lezamako Ekidazu Abesbatzarekin batera, Cornelia de Lange Sindromearen Elkartearen aldeko ongizatezko kontzertua prestatu dugu.

Esan bezala, gure ondoan Lezamako Ekidazu Abesbatza izango dugu. 2001eko udaberrian sortutako abesbatza hau, Euskera Zorrizketan taldeko zenbait kideren ekimena izan zen. Gaur egun 28 ahots mistok osatzen dute eta Iratxe Ispizua da bere zuzendaria.

Abesbatzaren helburu nagusiak bi dira: alde batetik, musika folklorea eta euskal musika korala maitatu, zaindu, zabaldu eta abestea, eta bestetik, musikaren bitartez euskararenganako maitasuna zabaltzea.

Fair Saturday 2023 Lezaman

Fair Saturday jaialdia artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

Aurten Cornelia de Lange Sindromearen Elkartearen alde egingo dugu. Cornelia de Lange Sindromearen Elkartea 1998an sortu zen, Cornelia de Lange Sindromea duten pertsonen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Elkarteak Cornelia de Lange Sindromea duten familiei edota kaltetuei orientazioa eta aholkuak emateko asmoa du, bide horretan bakarrik ez daudela jakin dezaten.

Kontzertua datorren azaroaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan, Lezamako Andra Mari elizan (Aretxalde Auzoa 78) ospatuko da. Ongizatezko kontzertu batek duen garrantziaz gain, guretzako berezia izango da kontzertua hau, izan ere, Sancho Almendral gure zuzendari titular berriak zuzentzen duen lehena izango da, beraz, esan beharrik ez dago bertan espero zaituegula.

ERLAZIONATUTAKO GAIAK