Behotsik ere Korrikaren alde - Behotsik

Behotsik ere Korrikaren alde

Korrika Behotsik
2024/03/11
PARTEKATU

Hastear da 23. Korrika, martxoaren 14tik 24ra bitartean Irundik Baionara joango dena, eta aurten, lehendabiziko aldiz, Behotsikek, erakunde bezela, ekimena babestuko du datorren martxoaren 21ean Bilbotik egingo duen ibilbidearen kilometro bat eskuratuz.

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Ibilbidea hasi eta amaitu arte, lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramaten dute korrikalariek; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

Aurten, 2024ko martxoaren 14an hasita, 11 egunez eta 10 gauez, eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 23. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe. Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da, oso ekimen babestua eta maitatua, zalantzarik gabe.

Behotsik orkestra gaztea da, Bilbo eta inguruko euskaraz hazi eta hezi diren musikari gazteek osatua, eta ahal den heinean, gure ekintzetan eta gure arteko harremanetan euskaraz bizi bahi dugu. Horrexegatik, aurten elkarte moduan ekimen hau babestea erabaki dugu, Korrika Bilbotik egingo duen ibilbidearen kilometro bat eskuratuz.

Korrikako antolakuntzak 1.851 kilometroa esleitu digu eta Korrika martxoaren 21eko 17:35ean Bilboko Irala kaleko 53. zenbakitik igarotzean lekukoa jasoko dugu. Hemendik deialdia luzatzen dizuegu gurekin bat egin eta gure hizkuntzaren alde egiteko.

ERLAZIONATUTAKO GAIAK