Datorren azaroaren 29an estreinatu berri dugun 2024-2025 denboraldi honen lehenengo kontzertua emango dugu, non eta Bilboko Elkarte Filarmonikoan, Bizkaiko Ingeniarien Abesbatzarekin batera.
Bizkaiko Ingeniarien Abesbatza 1997an sortu zen, Bilboko Ingeniarien Eskolaren Mendeurrenaren ospakizunaren harira. Hasierako koru misto txiki hura, kantua maite zuen ingeniari industrialen talde batek sortua, hazten joan zen, gaur egun Alberto Carreraren zuzendaritzapean dauden 45 ahotsetara iritsi arte.
27 urteko ibilbidearekin, bi musika lan argitaratu ditu eta ia 400 kontzertu eman ditu Euskal Herrian eta estatu mailan, baita Frantzia, Austria edo Errusian ere. Aipatzekoa da azaroaren hasieran Vatikano Hiriko San Petri basilikan eskainiko duten kontzertua.
Horrelako ibilbidea duen talde batekin lan egiteak ilusio handia egiten digu, baina Bilboko Elkarte Filarmonikoa bezalako oholtza batean joko dugula jakiteak are gehiago pozten gaitu. 128 urteko historiarekin, Europako musika klasikoaren interpretazioaren erreferente bihurtu da areto hau. Ehunka artista eta talde igaro dira bertatik, hala nola, Arthur Rubinstein pianista, Claudio Abbado eta Simon Rattle zuzendariak edo Maurice Ravel konpositorea. Kontzertu ugari eman ditugu Bilbon, baina Bilboko Elkarte Filarmonikoan joko dugun lehenengo aldia da.
Eskainiko dugun kontzertua bi zatitan egituratuko da. Lehenengo atal batean orkestrak joko du, non indarrez, energiaz eta erritmoz beteriko Camille Saint-Saëns, Edvard Grieg eta Joaquín Turinaren obrak joko ditugun. Ondoren, Bizkaiko Ingeniarien Abesbatza batuko zaigu, musika liturgiko eta lasaiagoarekin. Bigarren zati honetako obra nagusia hain gutxitan entzuten den Eugene Butlerren Liturgical Suite obra ederra izango da.
Esan bezela, kontzertua datorren azaroaren 29an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Sarrerak salgai daude 15 €-ko prezioan, baina orkestrako bazkideek %33ko deskontua izango dute. Sarrerak eskuratzeko mezu elektronikoa bidal dezakezu sarrerak@behotsik.eus helbidera.