Behotsik orkestrak Camera Café telebistako formatu ezagunari omenaldia egingo dio lau kapitulu izango dituen minisail baten ekoizpenarekin, Zezilia Deuna eguna ospatzeko azken urteetako ohiturari eutsiz.
Badira zazpi urte Zezilia Deuna egunerako ikus-entzunezko pieza bat ekoizten dugula, orkestrako kideen parte hartzearekin. Ideiaren sorrera, gidoia idaztea, kokapenak bilatzea, aktore lanak, muntaketa… guztia orkestra osatzen dugun gazteon arteko elkarlanean egiten da, orkestraren oinarrietako bat jarraituz.
Aipatzekoak dira 2020an argitaratutako La Casa de las Partituras pieza, La Casa de Papel fenomenoari keinua eginez, edo 2022ko Musicomio film laburra, aspalditik lagun ditugun Galder Pérez eta Ane Zabala aktoreen cameoarekin.
Orkestraren egunerokotasunetik aldentzen den ekimen honek helburu argia du: musikariek eta orokorrean arte eta kulturako eragileek pairatzen dituzten miseriak, kutsu barregarri eta ironiko batekin salatzea.
Aurten, Camera Café telebistako formatu ezagunari omenaldia egingo diogu lau kapitulu izango dituen minisail batekin. Kontserbatorio batean girotua, telesail hau azaroaren 1ean hasiko da emititzen YouTubeko kanalean eta gainerako sare sozialetan.
Ostiralero, kontserbatorio honetako irakasle eta zuzendaritza-taldearen zoritxarrak ezagutuko ditugu kafe makinako leiho begiluzearen bitartez, Telecinco kateko telesail ospetsuko pertsonaiei keinuak eginez. Azken kapitulua azaroaren 22an, ostirala, argitaratuko da, musikarien zaindari den Zezilia Deuna egunean.
Unai Ibáñez eta Borja Mollá gure kideen zuzendaritzapean, eta Borja Molláren gidoiarekin, Aitor Antúnez, Aitziber Elizaran, Igor Giménez, Julen Macía, Irene Martínez, Borja Mollá, Alex Osta, Eneko Rodríguez, Jhillary Rojas eta Sara Valparís izango dira aurtengo piezaren protagonistak.
Beraz, bihar bertan, goizeko 12etan, lehenengo kapitulua eskuragarri izango duzue gure YouTube kanalean. Espero dugu mimoz eta lan handiz egindako bideo hauek zuen gustukoak izatea, eta artearen eta kulturaren alde lanean jarraitzea.