SGAE Fundazioak bultzatutako Barraka XXI Bilbo eskola sozialaren 24-25 ikasturteak bere azken hitzordua izango du datorren igandean, ekainaren 22an, Errekaldeko Plazan ospatuko den kale-jardunaldian, eta Etorkizuna Musikatan orkestrako gure lagunekin batera, bertan izango gara eguna doinuz janzten.
Musikaren Nazioarteko Eguna (ekainak 21) eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna (ekainak 20) ospatu ondoren, musika eta aldarrikapen kutsuz beteriko egun kaletarra izango dugu igande honetan. Bertan, dantza, antzerki eta abesbatzak tartekatuko dira, Etorkizuna Musikatan eta Behotsik orkestren eskutik. Norai Elkartearen eta Begirune Fundazioaren ordezkaritza bat izango da ere, proiektu honen erakunde laguntzaile nagusiak direlarik, baita Gregorio Ybarra Elkartea, Igurko IMQ Bilbozar egoitza, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroa, Bilboko Udaleko arduradunena edo Euskadiko SGAEren zuzendaritzarena ere.
Eskola sozial honetako aitabitxiek, Aiora Renteriak (Zea Mays) eta Alex Sarduik (Gatibu), Inge Condek abagunerako moldatutako konposizio bana eskainiko dituzte abeslari bakarlari gisa. Beraien Neguan joan da ta eta Urepel abestiak Zeinu Hizkuntzan interpretatuko ditu Ane Legarreta Barraka XXI Bilboko irakasleak zuzenduriko ikasle koru batek. Juana Lorren antzerki tailerrak taularatuko du ekitaldia, eta Bilbozar egoitzako adinekoen dantza taldearen emanaldi batekin hasiko da, Legarretak berak zuzenduta ere. BBoy Jaki break dance irakaslearen taldeak, berriz, bere ikasleen emanaldia bideratuko du.
Ikusten duzuenez, arte disziplina desberdinez eta aldarrikapenez beteriko jardunaldia izango da, eta gu pozarren gaude gure aletxoa jarri ahal izategatik. Igandean, ekainak 22, itxaroten zaituztegu Bilboko Errekalde plazan, eguerdiko 13:00etan.
Barraka XXI, eskola soziala
Barraka XXI ekimenaren bitartez, SGAEk La Barracaren espiritua berreskuratu nahi du, 1932ko udan, Federico Garcia Lorca eta Eduardo Ugarte hondarribitarraren gidaritzapean, Urrezko Mendearen lanak kulturak ahaztu ohi zituen lekuetara hurbildu nahiean abiarazitako proiektuari omenaldia eginez. Gizartea birsortzea xede zuen antzeztalde ibiltari eta utopiko hura aldarrikatuz, pedagogoen ezinbesteko lanaz ezezik, artisten, olerkariren, antzerkigileren eta egile ororen garrantzia azpimarratzea bilatuko da.
Bilbon, San Frantzisko gizarte-etxea izan da egoitza nagusia, eta, neurri txikiagoan bada ere, Bilbozar egoitza edo Amor Misericordioso Ikastetxea. Norai elkartearekin aliantzan, ekimen honen helburua kultur garapena eta gizarte-kolektibo behartsuen integrazioa bultzatzea da, Autoreen eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiko bazkideek (SGAE) jorratzen dituzten diziplina artistikoen bidez.