2024/2025 denboraldi hau bukatzeko programa berezia dakargu, non Behotsik orkestra osatzen dugun musikariengan eta haien lan onean jarriko dugun arreta. Izan ere, Gazte Talentuak izenburupean, bakarlarientzako obraz osatuta egongo diren bi kontzertu prestatu ditugu uztaila hasierarako.
Behotsik orkestran asko gustatzen zaigu elkarlana eta talde, disziplina artistiko eta estilo desberdinak uztartzea, eta horren erakusle dira azkenaldian egin ditugun kontzertuak. Baina musika klasikoaren erroetara itzuli eta orkestrako musikariak oholtzako aurrealdera ekartzea ere atsegin dugu.
Urteak igaro dira EuroCamerata orkestrarekin Alemaniako birak egin genituenetik, non bakarlarientzako obraz beteriko programak jotzen genituen, eta horrexegatik, horrelako kontzertu bat gauzatzeko musikarion nahiari gehituta, Gazte Talentuak kontzertu sorta hau prestatzea erabaki dugu.
Aurtengo edizio honetan, Mariana Blanco (bibolina), Izei Díaz (kontrabaxua), Yun Erro (bibolina), Naiara Hernández (oboea), Tatiana Hernández (bibolina), Julen Macía (bibolina), Marcos Martínez (klarinetea) eta Sara Prado (klarinetea) gure kideek parte hartuko dute.
Antzeman dezakezuenez, era askotako piezaz osatutako kontzertua izango da. Adi gure sare sozialei datozen egunetan, musikariak haiek izango baitira joko duten obren nondik norakoak azalduko dituztenak.
Kontzertuak Bilbon eta Oñan
Gazte Talentuak kontzertu sorta honetan bi geldialdi izango ditugu.
Lehenengoa etxean izango da, Bilboko Deustuko San Pedro elizan hain zuzen ere, uztailaren 5ean, larunbata, arratsaldeko 20:00etan.
Bigarren kontzerturako urrunago joango gara. Izan ere, Burgosko Oña udalerriraino bidaiatuko dugu, eta bertan kokatuta dagoen San Salvador monasterio ederrean emango dugu kontzertua, uztailaren 12an, larunbata, arratsaldeko 20:00etan.
Denboraldia ixteko modu polita dugu aurtengoa, beraz, beti bezela, gonbidapena luzatzen dizuegu hemendik.