Behotsik Symphonic Reggaeton bira - Behotsik

Behotsik Symphonic Reggaeton bira

Behotsik Symphonic Reggaeton
2024/05/28
PARTEKATU

Denbora luzea daramagu proiektu honekin isilpean lan egiten, baina iritsi da zuekin guztiekin elkarbanatzeko ordua. Ekainean Behotsik Symphonic Reggaeton bira egingo dugu, erritmoz beteriko hiru kontzerturekin non reggaetoi eta elektrolatinoko abesti mitikoenak joko ditugun.

Beti esaten dugu Behotsik musika klasikoari egozten zaizkion estereotipoak hausten saiatzen dela, gure historian zehar prestatu izan ditugun programa berezien bidez, hala nola, 2015ean egin genuen rock sinfonikoarekin edo 2018an Aneguria rap abeslariarekin egindako kolaborazioarekin, Bilbao BBK Live jaialdian jo zuen lehenengo orkestra bilakatuz.

Oraingo honetan, Behotsik Symphonic Reggaeton ikuskizunarekin, gutxitan ikus daitekeen orkestra sinfoniko baten eta reggaetoi eta elektrolatino musikaren arteko uztarketa egin nahi dugu, hasiera batean hain urrun daudela diruditen bi publiko elkartzeko asmoarekin.

Ikuskizuna irratsaio bat izango da, Gazteako TopGaztea edo Los40-ko Del40al1 bezalakoa, eta reggaetoi eta elektrolatinoko abesti mitikoenak birpasatuko ditu. Joseina Etxezarreta, Oihan Vesga eta Ainhoa Bilbaok aurkeztutako Behotsik Irratiko saio honetan ez dira faltako Daddy Yankee, Don Omar, Luis Fonsi edo Gente de Zona bezalako artisten kantuak.

Hiru kontzertu Bilbon

Behotsik Symphonic Reggaeton birak honako hiru data hauek izango ditu Bilbon, ekaineko azken bi asteetan zehar:

– Ekainak 22, 12:30 – Deustuko Unibertsitateko Klaustroa – VASS Sanfilippo Euskadiren aldeko kontzertua
– Ekainak 29, 12:30 – Errekaldeko plaza
– Ekainak 30, 12:30 – Areatzako Kioskoa

Berezia izango da ekainaren 22an emango dugun kontzertua, izan ere, sarritan bidailagun izan dugun VASS Sanfilippo Euskadi elkartearen aldeko ongintzazko kontzertua izango da. Sanfilippo sindromea duten haur eta familien bizi kalitatea hobetuz, beraien bidean aurkitzen dituzten oztopoak gainditzea da elkartearen xedea, eta pozarren gaude gure aletxoa jarri ahal izateagatik.

Ekainaren 29 eta 30eko beste bi kontzertuak, MusikAuzo programaren baitan daude, hainbat estilotako artista eta taldeak, doan eta espazio publikoan, bilbotarrei hurbiltzeko helburua duen Bilboko Udalak antolatutako ekimenean.

Ezin dugu ahaztu berriro ere Laboral Kutxaren babesa izango dugula proiektu hau aurrera ateratzeko, beraz, hemendik gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu gure ondoan egoteagatik.